Ekopolitika

José Luis Espejo


Ekonomia: baliabideak, aberastasunaren sorrera eta ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena, banaketa eta kontsumoa ikertzen dituen zientzia, giza beharrak asetzeko helburuz.

Ekologia: ekologia izaki bizidunen arteko eta haien ingurunearekiko harremanak aztertzen dituen zientzia da, hots, “ekosistemen biologia”. Organismoen eta haien ingurunearen arteko elkarrekintza horiek, banaketa eta ugaritasuna bezelako propietateetan duten eragina ikertzen du.

Realpolitik: (“errealitatearen politika” alemanez) politika edo diplomazia hori interes praktikoetan eta ekintza zehatzetan oinarritzen da, eta ez ditu teoria eta filosofia “politikak eratzeko” elementutzat hartzen. Ekuadorreko gobernuek petrolio-erauzketa justifikatzeko argudiotzat erabili dute realpolitik-a.

Naturalpolitik: Bruno Latour-ek Realpolitik-en harira sortutako terminoa da, eta horrela deitzen zaio ekologia politikoaren garapenari. Ekologia politikoak, ekologia militanteak ez bezala, helburu du bizitza publikoa eraberritzea, pozoitua izateko asmatu den natura-ideia hori bere horretan mantenduta.


SIL misiolari-erakunde bat izan zen, eta, gobernuak eta petrolio-enpresa estatubatuarrek lagunduta, Orellanako probintzian (Ekuador) dagoen Yasuní Erreserban bizi diren herri indigenen hizkuntza huaorania ikasi zuen. Hasierako gidaliburuetan, erakundeak ez zituen “zarata”, “soinu” eta “entzute” hitzak huaotik gaztelaniara itzuli. Natura terminoa (awæ̈ ööingä yebænte näni quëwëñömö), ordea, itzuli egin zuen.

“Natura” izendatzeak eta itzultzeak lekua eta bertako baliabideak kolonizatzea ahalbidetu zien, tokiko biztanleak egonda ere. Pertsonaren eta naturaren arteko banaketa argirik ez zegoenez, antzera ustiatu ziren biak. Mendebaldeko testuinguruan (Cowore huaoz), izendatzearen helburua da kontzeptuaren bidez objektua unibertsal bihurtzea. Izendapen horrek, kultura baten munduaren baitako izataren nozioa ordezkatzen du, eta mundu hori irabazien arabera hesitzen eta ulertzen duen beste izendapen bat ezarri.

Hesien aurrean, banakoa osotasunetik banatu ezin dutenen axolagabetasuna baino ez da geratzen. Izan ere, natura babesten saiatzean, onartzen badugu erauzketa-ustiapena ez dela kontu klimatologikoa, politikoa baizik, gizakitik bereizita dagoen naturaren nozio hori finkatzen dugu, nahi gabe.

Axolagabetasun horren baitan, komunaren halako nozioa ere badago. Erdi Aroan europar lurrak ustiatzeko lehen konstituzioak sinatu zirenean, erkidegoarentzako basoak ezarri ziren, ehizatzeko eta egurra ateratzeko, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueren espaziotik bereizita zeuden. Erkidegoaren basoa “naturaren soinuak” deritzogunez beteta zegoen, eta mugatutako espazioak, aldiz, “zarata” deritzogunaz bete ziren. Peter Linebauch-ek The Magna Carta Manifesto (Lege Nagusiaren Aldarrikapena) lanean gogorarazten digu “egurra, basoak eta mangladia suntsitu zirela, eta propanoarekin, gasolinarekin eta kerosenoarekin ordeztu.” Lerro hauek irakurtzen dituenari zer soinu iradokitzen dizkiote egurrak eta mangladiak? Eta zeintzuk antzematen dizkie gasolinari eta kerosenoari?

Yasuní hizkuntzan zarata izendatuz gero, beste kolonizazio-prozesu batean sartzeko arriskua eragiten dugu. Bibrazioa izendatzean eta grabatzean, bibrazio horrekin irabaziak ateratzeko aukera sortzen da. Liburu honen asmoa da material ilun hori erauztea, nolabait; baina haren kolonizatze-gaitasuna baztertu gabe. Izan ere, gaitasun hori awæ̈ ööingä yebænte näni quëwëñömö naturarekin itzuli izan zenean bezain indartsua izan daiteke,izendatzearekin bakarrik. Norberak aurre egin behar die bere kontraesanei, modu batera ala bestera.