Glosarioa

Cowore edo Kowore: Ez-pertsonez osatutako ez-herria.

Huaoraniek gainerako munduari Cowore deitzen diote, hitzez hitz “kanibal” esan nahi duena. Gu, Huaorani ez garenok, ez-pertsonatzat hartzen gaituzte.
_
Huaorani: Pertsonen herria.

Huaoraniak eta Waoraniak herri bera dira. Huao da singularra, eta huaorani, berriz, plurala. Pluralaren formak “herria” edo “gure hizkuntza hitz egiten dutenak” esan nahi du. Belarriluze ere deitzen zaie. Huaoraniak Coworeekin harremanetan daude.
_
Tagaeri: Beste pertsonen herri bat. Huaoraniengandik bereizitako adar bat.

Tagaeri hitzak Tagaren jendea esan nahi du. “Hanka gorri” ere deritzete, oinak gorriz margotzen dituztelako. Huaoraniek, besterik gabe, “kementsuak” deitzen diete, bidea gerrarako prest egiten dutenak. Tagaeriek ez dute Coworeekin harremanik izan nahi.
_
Taromenane: Ez dira huaoraniak, Besteak baizik.

Taromenane basoan bizi diren izaki fantastikoak dira, jende desberdina baina antzekoa. Beste batzuk dira baina berdinak, aldi berean. Huaoranientzat, literalki, Besteak dira. Taromenanek “bidearen amaieran edo haien artean bizi den jende erraldoia” esan nahi du. Bideko jendea dira. Mundu azpian hiri bat dago, eta haiek bertan bizi dira. ILVko misiolari protestanteek “infernu” gisa itzuli zituzten taromenga onguipo hitzak; baina, berez, “Taromenaneen lurraldea” esan nahi dute. Taromenaneek ez dute inorekin harremanik.
_
SIL International edo ILV: Summer Institute of Linguistics edo Udako Hizkuntza Institutua (Instituto Lingüístico de Verano).

Ez da institutu bat, ez du hizkuntzekin zerikusirik, eta ez da udakoa ere. ILV irabazi-asmorik gabeko kristau erakunde protestante ebanjelikoa da. Petrolio-enpresen zerbitzura egotea leporatu zaio, eta Rockefeller familiak finantzatzen du, ustez.
_
Yasuní: Parke Nazionala.

Yasuní Parke Nazionala ekuadortar parke nazional bat da, eta Pastaza eta Orellana probintzietan kokatuta dago, Napo eta Curaray ibaien artean. UNESCOk Biosferako Erreserba izendatu zuen 1989an, eta Huaorani nazioa lekukotzen den lurraldearen parte da.
_
Zonalde Ukiezina: Paradisua.

1998an, Jamil Mahuaden gobernuak Yasuni Parke Nazionaleko zati bat Zonalde Ukiezin izendatu zuen, borondatez isolatuta bizi diren herriak babesteko eta biosfera-erreserba petrolio-eremuetatik urrun mantentzeko helburuz. 1970eko hamarkadatik gaur egun arte, Ekuadorreko Estatuaren ekonomiak petrolioa izan du euskarri.
_