Kronologia posible bat

“Ez dira gertakariak existitzen, soilik interpretazioak.”

Nietzsche

1492. Kristobal Kolonek ez zuen Amerika aurkitu.

1538. Francisco Pizarro-k Gonzalo Díaz de Pineda bidali zuen El Dorado eta kondairazko Kanelaren Herrialdea bilatzera. Francisco de Orellana joan zen haiekin. Ez zuen arrakastarik izan.

1540. Hirurehun eta berrogeita hamar espainiar armatu, lau mila indio, bost mila txerri eta txakur kopuru zehaztugabe bat oihanean barrena sartu ziren, kanela-plantazioen bila. Espedizioari eraso egin zioten emakumezko indiar gudari basatiek, Amazona mitologikoak gogora ekarri zizkietenak.

1541. Francisco de Orellana Amazonas ibaiaren bokalera iritsi zen, berrogeita hamazazpi gizonekin, infernu berdea zeharkatu ondoren, eta honako hau adierazi zuen: “Indiarrek bat-batean egiten dute eraso, isilean, eta, orokorrean, gauez.”

1578. Herri indigenek konkistatzaileen zapalkuntzari eta nagusitasunari aurre egin zieten, Pendeen Iraultzan. Porrot egin zuten, eta oihanean ezkutatu ziren, kontakturik ez izateko.

1617. Jesulagunek “Baketze Handia” abiarazi, eta bakea erabili zuten menderatze-metodo gisa, botereari men egin ziezaioten. Helburua zen natiboak azpiratzea eta zonaldeko urrea erauztea.

1767. Ekuadorretik bota zituzten jesulagunak.

1820. Simón Bolívar-ek idatzi zuen Lope de Aguirreren iraultza Amerikako eskualde baten lehen independentzia-aldarrikapena izan zela.

1822. Ekuadorrek independentzia lortu zuen Espainiatik.

1839. Charles Goodyear-ek kautxuzko eta sufrezko nahasketa bat berotu zuen etxeko berogailuan nahi gabe. Istripu horrek pneumatikoaren sorkuntza inspiratu zuen.

1859. Edwin Drake-k munduko lehen petrolio-putzua zulatu zuen AEBn.

1879. “Kautxuaren sukarra” hasi zen. Inork ez zuen kaosa kontrolatzen.

1882. Rockefeller-ek Standard Oil petrolio-konpainia fundatu zuen.

1888. Huaoranien eta kautxu-biltzaileen arteko gatazkak hasi ziren.

1895. Eloy Alfaro lehendakariak herri indigenen “doako lana” dekretuz desagerrarazi zuen, eta, aldi berean, herritar ekuadortartzat aitortu zituen legez.

1899. Ekialdeko Lege Bereziak haurrak zuzenean saltzea edo produktuekin trukatzea debekatu zuen.

1911. Ekuadorreko lehen petrolio-putzua ireki zen, Santa Elenako Penintsularen kostaldean: Ancon I. Leonidas Plaza Gutiérrez lehendakariak Meatzaritza Kodea erreformatu zuen, eta petrolioa Estatuaren jabetza zela ezarri.

1928. Zonaldean petrolioa modu intentsiboan erauzten hasi ziren.

1937. Federico Páez diktadoreak Petrolioaren Lege berria aldarrikatu zuen, eta, horren bidez, herrialdea atzerriko konpainietara erabat ireki zen.

1938. Europako eta Ipar Amerikako geologoak Mera herri amazoniarrera (egun Shell-Mera dena) iritsi ziren, lurrartze-pista bat eraikitzeko, eta eskualdea kartografiatzen hasi ziren.

1939. Huaoraniek hainbatean eraso egin zieten Shell-Merako kanpalekuei.

1942. Bigarren Mundu Gerrak “kautxuaren sukarra” berpiztu zuen.

1943. Royal Dutch Shell konpainiak lehenbiziko prospekzioak egin zituen Yasunín. Ez zuen arrakastarik izan.

1944. Ez zegoen harreman baketsurik Huaoraniekin. Haiek bahitutako kitxua neska batek honela adierazi zuen: “Erabateko harmonian bizi dira, eta egurrezko diskoak darabiltzate belarri-gingileko zuloetan.”

1946. Huaorani batek Francisco de Orellana hirira bidaiatu zuen, eta honela adierazi: “Ez nuen inoiz imajinatu gizakiak inurriak zirenik”. Une hartan, Huaoranien herria ohartu zen ezinezkoa zela ez-pertsona guztiak hiltzea.

1948. Shell-ek Ekuadorreko Estatuari itzuli zion emandako lurren parte bat, petrolio-prospekzioek porrot egin ondoren. Galo Plaza lehendakariak honako hau adierazi zuen, atsekabetuta: “Ekialdea mito bat da, patuak ez du gu petrolio-herrialdea izatea nahi, herrialde nekazaria baizik.”

1950. Wilfred Tidmarsh-ek zonaldean misiolari ebanjelikoak kokatzeko misio bat zuzendu zuen, petrolio-konpainien eta Estatuaren laguntzaz. James Elliot-ek Huaoraniez mintzatzen entzun zuen, eta haiek ebanjelizatzea planeatu.

1952. ILVko misiolariek kontratu bat sinatu zuten Hezkuntza Ministerioarekin hizkuntza aborigenak ikasteko, Biblia itzultze aldera. Horretarako, indigenen ahotsak grabatu zituzten, eta, gero, haiek baketzeko erabili.

1954. ILVko misiolariek Huaoranien etxeen gainetik hegan egin zuten, bozgorailuen bitartez mezuak igortzen zituzten hegazkin txikiekin.

1955. ILVk Auca Operazioa antolatu zuen. Opariak bidali zizkieten Huaoraniei, hondo bikoitz batean mikrofonoak ezkutatuta zituzten saskietan, haiek urrunetik entzuteko.

1956. Huaoraniek ILVko bost misiolari hil zituzten. Hildakoen bi senide joan ziren bertara, eta Huaoraniak kristautzen saiatu.

1957. Dayuma huaoraniak AEBra bidaiatu zuen This is your Life telebista-programan agertzeko.

1961. Huaoraniak kontaktu-ondorengo aroan sartu ziren, eta zonaldean misiolariak egotea onartu zuten.

1965. Texaco-Gulf konpainiak Shell konpainiak bertan behera utzitako erauzketa-jarduerak berrabiarazi zituen, ILVren laguntza zutela Huaoraniak kontrolatzeko.

1967. Petrolioa atera zen Lago Agrio 1. zenbakiko putzutik. Jendeak honela oihu egiten zuen, emozioz beteta: “Petrolioa, petrolioa!”. Bertan zeudenak elkartu ziren, eta Ekuadorreko Himno Nazionala abestu zuten. Langileek eta teknikariek petrolio gordinetan bainua hartu zuten. Petrolioaren booma hasi zen.

1968. Texaco konpainiak Francisco de Orellana hirira heltzen zen errepide bat ireki zuen, eta petrolio-ustiapena liberalizatzen hasi zen.

1970. Texaco Gulf konpainiak milaka dolar eman zizkion ILVri, zonaldean gera zedin.

1972. Velasco Ibarra lehendakariak Hidrokarburoen Legea aldarrikatu zuen, eta Ekuadorreko Petrolio Erakunde Estatala (Corporación Estatal Petrolera Ecuatoriana – CEPE) sortu. Lehen petrolio-upela gerra-tanke batean eraman zuten Santo Domingo plazara.

1973. Petrolioa Esportatzen duten Herrialdeen Erakundean (Organización de Países Exportadores de Petróleo – OPEP) sartu zen Ekuador, kide titular gisa. Petrolioaren krisia hasi zen.

1974. Huaorani batek helikopteroei dedikatutako abesti bat idatzi zuen, melodiaren eraginaz, opariak zeramatzaten helikoptero gehiago iritsiko zirelako itxaropenean.

1976. Compagnie Générale de Géophysique (CGG) frantziar enpresak prospekzio sismikoak egin zituen. Huaoraniek enpresako langileak jazarri zituzten, eta misiolariei gatazkan bitarteko izatea eskatu zitzaien. Alejandro Labaka misiolari eta monsinorea Huaoranien herriarekin harremanetan jarri zen lehenbiziko aldiz.

1977. CEPEk zonaldeko petrolio-jardueren % 100 kontrolatzen zuen. Gobernuak Amazoniar Eskualdea Kolonizatzeko Legea ezarri zuen, eta, horren bidez, Estatuak haren hegemonia egonkortu zuen, armadaren parte-hartzeaz lagunduta. Alejandro Labakak gatazka-zonaldea gainetik hegaldatu zuen, CEPEko langileekin eta Ekuadorreko militarrekin.

1978. Huaoraniek Alejandro Labaka onartu zuten adopziozko seme gisa.

1979. Jaime Roldós Aguilera Ekuadorreko lehendakari izendatu zuten, eta Yasuní Parke Nazional aitortu. Petrolio-sektorean beste krisi bat hasi zen.

1980. ILV Ekuadorretik ofizialki bota zuten, 1159 Dekretuaren bidez.

1981. Jaime Roldós lehendakariak Hidrokarburoen Legea aurkeztu zuen. Hortik gutxira, lehendakaria hil zen, ustez CIAk erailda.

1985. Huaoranien bizitza tradizionala ia desagertuta zegoen, tagaerien taldea izan ezik, artean inolako harremanik gabe eta oihanean isolatuta bizi baitziren. Alejandro Labakak Huaoranien Nazionalitatearen Eskubideen Gutuna idatzi zuen, eta Estatuari bidali zion. Agiria honela amaitzen zen: “Ahotsik ez dutenen ahotsa entzungo delako esperoan.”

1986. CEPEk eta Petrobras konpainiak Julio Enrique Vela antropologoa eta Shiwiar soldadu ohiez osatutako taldea kontratatu zuten, tagaeriak desagerrarazteko. Aldi berean, Alejandro Labakak harreman baketsuak izateko plana proposatu zuen.

1987. Tagaeriek Alejandro Labaka eta Inés Arango misiolaria hil zituzten.

1988. Energia Ministerioak, CEPEk eta Ekuadorreko Apezpiku Konferentziak adostu zuten tagaerien taldearen zonaldean petrolio-ustiapena mugagabeki etetea.

1989. Yasuní Biosferaren Mundu Erreserbaren zatitzat aitortu zuten, UNESCOren Gizakia eta Biosfera Programaren barruan. Petroecuador sortu zen, CEPE ordezteko. Petroecuador enpresaren zerbitzura zegoen Julio Enrique Velak metrailadoreak zituzten helikopteroetan erasoaldiak egin zituen, tagaeriak sarraskitzeko.

1990. Lehenbiziko iraultza indigenak Ekuador geldiarazi zuen. Estatuak Huaorani lurraldea aitortu zuen, baina zorupea kudeatzeko eskubideak beretzat gorde.

1991. Texaco konpainiarekin egindako kontratua amaitu zen, baina zor ekologiko izugarria utzi zuen. Ekuadorreko Amazoniaren Huaorani Nazionalitatearen Erakundea (Organización de la Nacionalidad Huaorani de la Amazonía Ecuatoriana – ONHAE) sortu zen.

1997. Taromenaneek, ustez, tagaeriak triskatu zituzten.

1998. Ekuadorrek formalki aitortu zuen herrialdea kulturaniztuna zela, eta herri indigenen zenbait eskubide ere bai, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. Hitzarmena berretsi zuenean. Herri indigenen eskubideak txertatu zituen Konstituzio berrian. Bestalde, Repsol YPF konpainiak Ekuadorreko Estatuari galerak zituela adierazi zion, zergarik ez ordaintzeko, eta Estatuak BEZa ordaintzeaz salbuetsi zuen.

1999. Jamil Mahuad Errepublikako lehendakariak Erregistro Ofizialean Tagaeri–Taromenane Zonalde Ukiezina (ZITT) sortzea promulgatu zuen, 552. Dekretu Betearazlearen bidez.

2000. Ekuadorrek dolarra onartu zuen ofizialki, legezko diru gisa. Repsol YPF izan zen irabazi gehien lortu zituen espainiar enpresa: 3.000 milioi dolar baino gehiago.

2001. Guido Andrade Granda Repsol enpresako kontabilitatearen eta altxortegiaren buru ohiak ziurtatu zuen Repsol YPF zela petrolio-industriako soldatarik baxuenak ordaintzen zituena, egunean 15 ordura arteko lanaldiak eginda, atseden-egunik gabe eta ordu estrak ordaindu gabe.

2002. Eliseo Gómez Repsol YPF enpresaren lege-ordezkariak ziurtatzen du Ekuadorren “epaiketak enkante bat direla, gehien ordaintzen duenak irabazten du.”

2003. Ekuadorren, mendeko epaiketa hasi zen Chevron-Texaco enpresaren kontra.

2005. Kontaktatu gabeko herriek hiru egurketariri eraso egin zieten. Arrazoia: zarata.

2006. Tigre baten izpiritua agertu zitzaion xaman Huaorani bati, azaltzeko helikopteroen eta petrolio-putzuen zaratak eragozpenak sortzen zizkiela Tagaeriei eta Taromenaneei. Herri Amerikarren arteko Giza Eskubideen Batzordeak (Comisión Interamericana de Derechos Humanos – CIDH) kontaktatu gabeko herrien aldeko Kautelazko Neurrien Plana idatzi zuen. Aldi berean, Ekuadorreko Estatuak Zonalde Ukiezinean hainbat petrolio-blokeren emakida eman zien petrolio-konpainiei, adibidez, Petroriental enpresa txinatarrari.

2007. Rafael Correa izendatu zuten Ekuadorreko lehendakari. Gobernuak Kautelazko Neurrien Plana aplikatu, eta petrolio-eremuen militarizazioa dekretuz agindu zuen. Rafael Correak Yasuní-ITT Ekimen (Yasuní – Ishpingo Tambococha Tiputini) berria aurkeztu zuen. Yasuní Parke Nazionalaren barnean petrolio-zulaketarik ez egitea zen asmoa, eta petrolio-erreserbetako zonaldeen gutxi gorabeherako balioaren erdia nazioarteko dohaintzen bidez finantzatzeko baldintza ezarri zen. Ez zuen arrakastarik izan.

2008. Kontaktatu gabeko herriek egurketari bati eta kolono-familia bati eraso egin zieten. Arrazoia: zarata.

2009. Kautelazko Neurrien Planaren txostena kritiko azaldu zen Armadillo zelaiko petrolio-jardueraren kontra. Petroamazonas enpresako gerenteak adierazi zuen “ezin zela herrialdearen garapena kolokan jarri, existitzen zirela frogatuta ez zegoen indigena gutxi batzuk egoteagatik.”

2011. Amazonas Munduko Zazpi Mirari Naturaletako bat izendatu zuten. Nazio Batuen Garapenerako Programak funts bat ezarri zuen Yasuní-ITT Ekimenera bideratutako dohaintzak kudeatzeko. Ez zuen arrakastarik izan.

2013. Taromenaneek hil zuten petrolio-putzu batetik gertu bizi zen huaorani familia bat. Arrazoia: zarata. Huaoraniek mendeku hartu zuten, Taromenaneen talde bat erailda eta bi neska bahituta. Rafael Correak iragarri zuen petrolio-prospekzioak hasiko zirela, Yasuní Parke Nazionalean, Yasuní-ITT Ekimenak porrot egin ondoren. Lehendakariak hauxe adierazi zuen: “Munduak huts egin digu.”

2017. Petrolioa agortuko da.
_
Oharra: kapitulu honetan agertzen diren datuak hainbat iturritatik hartu dira. Ikerketan zehar, kontraesanak aurkitu ditut daten eta aipatutako gertakarien artean. Errealitatearekin eduki lezakeen edozein antzekotasun, hala nola hemen aipatzen diren pertsonak, lekuak eta animaliak, biziak zein hilak, kointzidentzia hutsa da.